Skip to content

Vision Quest: Lurrera, isiltasunera eta jatorrira itzulera

22/08/2026

Bada jakinduria zahar bat gure izatearen sakonean bizirik dirauena. Ahots leun baina etengabe batek xuxurlatzen digu: kide garela, ez gaudela bakarrik, gure adimenak ulertzen duen baino askoz sare zabalago, jakintsuago eta ederrago baten parte garela. Ama Lurraren ahotsa da hori.

Deskonexio garaian, munduak isolamendura, presara eta “ni bananduaren” ilusiora bultzatzen gaituenean, naturak oroitarazten digu gure existentzia Lurraren sarean ehunduta dagoela; Lurra garela; eta hari egiten diogun guztia geure buruari egiten diogula.

Bizitza osoa naturatik jaiotzen da, baina ahaztu dugu handik gatozela, haren menpe bizi garela eta harengana itzuliko garela. Berak eusten digu, eta hala ere, baliabide-biltegi ustiagarri gisa tratatzen dugu. Amnesia kolektibo horrek gure harreman sakratua hautsi du. Baina oraindik garaiz gaude oroitze horretara itzultzeko.

Amalurra proiektuaren helburu nagusietako bat izan da Ama Lurrarekin geneukan lotura arbasetikoa berreskuratzea, Artzentalesen kokatutako espazio fisiko batekin izandako harreman kontziente eta maitekor baten bidez. Lotura hori ez zen teknikoki sortu, baizik eta prozesu kontziente eta pixkanakako baten emaitza izan zen, zeinetan seinaleei entzuten ikasten joan ginen.

Kontzientzia horrekin ekin genion lurraren berreskurapen eta egokitzeari, natura gure barne prozesuaren ispilutzat hartuta. Zuhaitzak landatu genituen, urak bideratu, sasiak kendu… Lurrari, gure harrera-esparruari, entzuten ikasi genuen. Eta kanpoko paisaian gure emozioak, zauriak eta irrikak islatzen hasi ziren: ur geldiek emozio geldietsiak adierazten zituzten; sasiek ahanztura; zuhaitz eroriek, aspaldiko deskonexioa.

Ekintza fisiko bakoitzak adierazpen sinbolikoa zuen. Zaintzean, garbitzean eta birlandatzean, gure arima ukitzen genuen, natura ez baitzen paisaia pasibo bat, baizik eta gure barne mundua ere ordenatzen duen presentzia bizia. Eta lurrari, bertako izakiei eta gure emozio sakonenei entzunez, lotura berritu bat ehuntzen joan ginen: bizitzeko modu berri bat.

Horregatik diogu Lurrera itzultzea behar espiritual, ekologiko eta ebolutibo bat dela. Amalurra izenez ezagutzen dugun espazio fisikoaren birsortze-prozesuan bizi izan dugun bezala, sendatze sakonerako bide bat ere bada.

Lurrak, ama batek bezala, ez du eskatzen perfektuak izatea bere baitan hartzeko. Aski da itzultzea, entzutea, bere eskuzabaltasuna ohoratzea. Eta hori egiten dugunean, zerbait sakon jartzen da bere lekuan gure baitan. Banaketa desegiten da. Maitasuna agertzen da. Eta gogoratzen dugu, azken finean, Lurra ez dagoela hemen gu zerbitzatzeko. Gu gaude Lurra zerbitzatzeko.

Horrela ulertzen zuten antzinako kulturak, eta horrela ospatzen zuten gure arbasoek erritualen bidez. Euskaraz, adibidez, jaubetza (jabegoa) hitza jabon-etik dator, “zaindu” esan nahi duenetik; eta jaube on-etik, “zaintzaile ona”. Ez gara Lurraren jabe. Horregatik, jabegia ulertzeko modu zahar eta sakon batera itzuli behar dugu: jabetzea eta zaintzea gauza bera bihurtzen dira, jabetzaren muinean zaintza dagoela ulertzen dugunean.

Horregatik guztiagatik, naturarekin lotura sakonak erraztea niretzat zerbitzu-modu bat da. Naturan egiten dudan erretiro bakoitza, eta bereziki abuztuan gidatuko dudan Vision Questhau, aukera bat da barruan zerbait zabaltzeko; kanpoko eta barneko natura bat eta bera direla oroitzeko; eta deskonexioaren zauria lotura bihur daitekeela, entzute bihur daitekeela, zentzua bihur daitekeela sentitzeko.

Horixe gertatzen da pertsona bat naturan erretiratzen denean, isilik ibiltzen denean edo uraren ahotsa entzuten duenean: barnean zerbait bere lekuan jartzen hasten da.

Hurrengo Vision Quest hau ez da soilik erretiro-proposamen bat. Gonbidapen bat da: bakardadean eta isiltasunean erretiratzeko; Lurraren presentzia biziak zeharkatzen utz gaitzan; eta berak eutsi eta eralda gaitzan. Helburua gogoratzeko, Lurreko izaki sotilak eta gure leinua ohoratzeko. Azken batean, jatorrira itzultzeko.

Ama Lurrara itzultzea ez da atzera begiratzea, baizik eta kontzientziaren bidean aurrera egitea, bizia duen guztiarekin bat eginez. Eta, era berean, Amalurrak erakutsi digun bezala, lurrarekin harremana sendatzea gure sustraiak sendatzea ere bada, gure oroimena zaharberritzea eta mundua bizitzeko modu berri bati gorputza ematea.

Agian zuk ere sentitzen duzu nostalgia hori. Agian Lurraren ahotsa entzuten duzu zure ametsetan, zure irriketan, jada zentzurik ez duenaren nekean. Hala bada, Vision Quest hau zuretzat izan daiteke.

Login

Register

A link to set a new password will be sent to your email address.