Skip to content

Mari eta sormen gaitasunaren esnatzea

22/08/2026

Amalurraren jatorria sakonki lotuta dago euskal lurraren arimarekin eta haren mitologia zahar eta biziarekin, non Mari Jainkosa, Ama Lurraren irudi sakratua, taupadaka ageri den. Mari da bizitzaren iturri eta mugarria: bizitza eta heriotza, eguna eta gaua, argia eta itzala, bai eta ez, guztiak biltzen eta adierazten dituena. Aurkakoak ez ditu banatzen, osagarri bihurtzen ditu; ehuntzen ditu, bata bestearekin harilkatuz, eta errealitateen aniztasuna argitara ekartzen du, sinboloen hizkuntzan esnatu.

Ikuspegi honetatik, Mari ez da iraganeko sinboloen artean harrapatutako irudi mitologiko bat, baizik eta gure sormen gaitasuna esnatzera gonbidatzen gaituen arketipo bizia. Gaitasun hori ez da egite hutsetik sortzen, baizik eta barneko prozesu sakon batetik jaiotzen da: garen hori aitortzea, ukatua izan dena integratzea eta Lurraren eta arimaren taupadarekin bat bizitzea. Mari da itzulera hori gidatzen duen bide isila, gure sormen-matrizearen sakonerantz daramana.

Bide honetan zehar, Mari-ren figura dei sakon baten oihartzun gisa agertu zait: gure baitan bizi den femenino esentziala esnatzeko deia, bizitzaren fluxu sakon eta emankorrarena, zeinak sorkuntza eta suntsipena batera besarkatzen dituen. Mari-ren irudia, beraz, barnean daramagun indar horren zaindari eta pizgarri gisa ageri da, gure ariman dantzan ari diren bi polo horien arteko elkarrizketan argia pizten duena. Aurkikuntza hori funtsezkoa izan zen ulertzeko femenino sakona ez dela osagai emozional bat soilik, baizik eta arimaren taupada bera dela, bizitzaren iturburua, dena ernetzen den zentro bizia. Nire esperientziatik, dimentsio horri entzungor eginda, ezinezkoa da sorkuntza benetakoa sortzea, ezta bizitzaren barneko egia islatzea ere.

Femenino esentziala berreskuratzea arimara itzultzeko bidea da: ikusgaia eta ikusezina bat egiten diren barne-matrizera hurbiltzea, eta bertatik loratzen den sorkuntza-kultura sakon eta egiazkoa entzuteko prest egotea. Mari-ren energiari —oreka eta eraldaketaren ama den heinean— gure kontzientzian tokia egiteak eta haren gidaritza onartzeak esan nahi du hau ulertzea: gure itzalari begirada errukitsu batez heltzen badiogu, gure sormen gaitasuna berreskuratzeko bidea zabal daitekeela.

Denborarekin ulertu dut benetako sorkuntza ez dela ahaleginetik ezta buruko nahiak bultzatuta sortzen, baizik eta bi-hotzetik —bi taupada, tic-tac— datorrela: barruan sakon eta erritmikokidabilen taupada batetik, ematearen eta jasotzearen, bultzatzearen eta hartzearen mugimendu etengabetik. Bertan gurutzatzen dira barne-prozesuaren bi indar funtsezko: alde batetik, sortzeko ahalmena —bizitza, ideiak eta proiektuak ernetzeko gaitasuna—; eta bestetik, suntsipena —gure psikean itzalean dabiltzan, askotan mingarriak diren dinamika inkontzienteek dakartena, sortua desegiteko edo oztopatzeko joera dutenak—.

Denboraren poderioz ulertu dut sorkuntzaren eta suntsipenaren arteko tentsioa agerian jartzen denean eta begirada enpatiko batez eusten zaionean, posible dela haren integrazioa. Eta ulermen horretatik jaio daiteke kontzientziazko ekintza bat: sortutako kaltea edo inpaktua aitortu eta barnerantz zein kanporantz egindako keinu erreparatzaile baten bidez benetako eraldaketa bati ekitea. Erreparatzeak ez du iragana ezabatzea esan nahi, baizik eta hari zentzu bat ematea, haren aztarna aitortzea eta integraziorako espazio bat irekitzea, kalteturikoa lehengoratu eta oinarrizko taupada berreskuratu ahal izateko.

Integrazio eta erreparazio sinbolikoaren prozesu hau Bi-Hotz-en aurkitzen du bere adierazpen sakonena: femenino esentzialaren sinboloa den bihotz sakratuak aurkakoak besarkatzen ditu eta itxuraz kontrajarriak diren indarrak harmonizatzen ditu. Integrazio horretatik jaiotzen da oreka: tentsio sortzailea eusteko gaitasuna eta eraldaketa-prozesu oro bultzatzen duen bizitzaren mugimendua kontzienteki laguntzeko ahalmena. Orekaren zentro horretan, geldialdi kontziente bat sortzen da: osotasun emankor bat, non zerbait berria loratzen den: osotasunaren esperientzia sakon bat. Besarkada horretatik —integrazioaren eta erreparazioaren fruitu— aukera berriak loratzen dira, izate bizidun eta sortzailearekin bat eginez.

Erritmo horrekin sintonizatzeak geldialdia, presentzia eta isiltasun sortzailea eskatzen ditu —ez hutsunea, baizik eta barrutik jasotzeko irekidura emankorra—, eta hortik sortzen da berria den hori.

Horregatik, niretzat, sorgin leinua berreskuratzea —euskal kulturan jakintsuak eta sortzaileak izan diren emakumeena— ez zen sinbolismo hutsezko ekintza bat. Mari-ren alaba gisa, sorkuntzaren ikasle eta orekaren zaindari izateko jatorrizko egoerara itzultzea izan zen; isilarazitakoaren eta ahaztutakoaren aurrean oroimen ariketa bat, munduan izateko modu berri bat argitara ekartzeko.

Euskal tradizioan, sorgin hitza emakumeekin lotu izan da, baina haren esanahia askoz haratago doa. Hitzaren erro etimologikoa euskaraz —sor, “sortu”; eta gin, “egin”— dimentsio zabalago eta sakonagoa agertzen du: bizitza kontzienteki sortzeko eta zaintzeko gaitasuna. Horrela ulertuta, sorgin ez da soilik genero bati loturiko terminoa, baizik eta arimaren kualitate bat. Ikusezinarekin konektatzen diren, sakratua zaintzen duten eta xedez sortzen duten izakiak izendatzen ditu.

Gaur egun, sakratua baztertuta geratu den garaian, Mari-k oroitarazten dit Izate sakona hemen bizi dela, gure artean: mendian, euriaren xuxurlan, haitzuloaren sakonean eta bihotzaren taupadan. Marira itzultzea ez da iraganera begiratzea, baizik eta funtsezkoarekiko lotura bizia berraktibatzea. Presentziaren ekintza erradikala da: mundua ikusteko eta bizitzeko modu bat, Lurraren taupadarekin sinkronizatuta.

Mari da garai honetako ahotsa: sendatzera, integratzera, zaintzera eta gogoratzera gonbidatzen gaituena, Lurraren seme-alabak garela oroitaraziz. Bere arketipoa ez da iraganaren nostalgia, baizik eta etorkizuna maitasunez, kontzientziaz eta batasunez birsortzeko argia eta orientazioa.

Login

Register

A link to set a new password will be sent to your email address.