Egun hauetan, Amalurran egingo den Holi – Nada topaketan parte hartzeko prestatzen ari naizela,gogor sentitu dut gelditzeko eta kontenplatzeko beharra. Ez dut diskurtsorik egin nahi, esperientzia honek erakusten didana jaso baizik: Lurrak eta arimak batera jotzen dutenean, barneko zerbait argia eta saihestezina bihurtzen dela.
Amalurran sortzen ari dena ez da fase berri bat soilik. Barne-barneko eremutik zabaltzen ari den errebelazio bat da, betidanik agertzeko une egokia itxaroten egon den hazi batetik sortua,. Ez da plan bat, ezta estrategia bat ere, taupada bat baizik. Lurraren bihotza da, nire baitan eta deia sentitzen dutenengan dar–dar egiten duen taupada bat, eta bere sakontasunetik nor garen gogoratzera gonbidatzen gaituena.
Bizitzaren dantza bera da: sorkuntza eta suntsipena, hedapena eta barneratzea, kanpora eta barrura egiten duen taupada. Eta tartean, etena. Etenaldi hori ez da ausentzia, osotasuna baizik. Osotasun horren bidez eskura dezakegu dena biltzen duen hazia.
Hazi hori ez da gurea; Lurrarena da, baina entzuteko prest gaudenean agertzen da. Amalurra Izan, hain zuzen ere, sarbide hori da, sakonetik sakatzen duen jakinduria handiago baten aitortza hori eta, berarekin oihartzun egiten ikasten badugu, bere kodea erakusten diguna.
Sarbide hori ez da abstraktua. Nik bizi izan dut. Urteetan inkontzientean zehan ibili naiz -nirea eta kolektiboa- erbesteratuta dirauten aldeak bilduz. Esperientzia horrek —eta oraindik ere hala da— hausturak, adiskidetzeak, erantzunik gabeko galderak eta barrutik jaiotako erabakiak ekarri dizkit. Ez dut perfekzioa bilatu, egia baizik. Eta ikusi dut prozesu hori, minberatsua eta argitsua, ez zela nirea bakarrik, beste askorena ere bazela.
Gizakiaren duintasuna bere izaera osoa, argi-ilunez, arrakalak ezkutatu gabe, bizi izandakoa apaindu gabe, bere historiaz lotsatu gabe ohoratu ahal izatean datzala sentitzen dut. Jende asko ikusi dut izan diren eta diren guztiarekin aurkez daitezkeen une horretara iristen, beren zimurrak, beren urrats okerrak, huts egindako saiakera… denari epaiketarik gabe eusten. Hortxe hasten da burujabetza. Barkamen sakon horretan, zeina ez baita indulgentzia baizik eta funtsezkoa berraurkitzea.
Amalurra ez da leku bat. Kontzientzia-eremu bat da, hazi horrekin konektatzeko prest daudenen bidez azaleratzen dena. Amalurraz hitz egitea ez da espazio fisiko bati edo antolatutako komunitate bati buruz hitz egitea. Lurraren pultsuarekin finduz doan bizimoduaz hitz egitea da; dena ziklikoa dela gogorarazten digun pultsua: argia eta itzala, egitea eta egiteari uztea, hedapena eta barneratzea.
Ezin dut hitzez bakarrik azaldu bizi izan dudana, zeren eta informazioa baino gehiago, frekuentzia bat baita, kode bat, Lurraren xuxurla bat, gorputza zeharkatzen duena norbera isilik dagoenean, ezer frogatzeko beharrik ez dagoenean. Horregatik, berriro diot: kontua ez da Amalurra egitea, Amalurra izatea baizik.
Orain zabaltzen ari den bulkada honek ez du konbentzitu nahi, ez eta doktrina berririk ezarri nahi. Ez du aurrez ezarritako formarik. Ziurtasun bat eskaintzen du soilik, Lurraren taupada leku guztietan berdina dela, eta gure baitan pizten dela gure osotasuna besarkatzeko ausardia dugunean.
Uste dut ez dagoela hori baino iraultza handiagorik , ez dagoela sare biziagorik garen lurrarekiko lotura intimotik ehuntzen dena baino. Hori da hemen, Amalurran ,sortzen ari den sarea.
Badakit ez dela erraza. Askotan elkarrengandik bereiztea nahiago izaten dugu bateratzea baino, min ematen duelako, mugitzen gaituelako, ikusi nahi ez duguna agerian uzten digulako. Baina halaber ikusi dut, behin eta berriz, oinazearen atzetik jaiotza berri bat datorrela, barkamena ez dela helburu moral bat, baizik eta barne-mugimendu bat, gure barne atalak berrantolatu eta galdutako duintasuna itzultze duena. Era berean, geure burua barkatzen dugunean, bizitzaren matrize handiarekiko gure pertenentzia berreskuratzen dugu.
Amalurra Izan, garen guztiarekin izateko dei hori da: haziak hitz egin diezagun utzi, gida gaitzala, oraindik irudikatu gabeko bideak erakuts diezazkigun. Ez dugu diskurtso handirik behar. Zabaltzen den hori ez da gidatzen, lagundu egiten da. Horretarako, entzutea, errespetua eta desberdintasuna landubehar ditugu.
Aski da gorputzean, Lurrean, isiltasunean bizitzea. Nahikoa da beste gizaki baten begietara begiratu eta han hazi bera taupaka ikustea, harekin konektatzen garenean, dena aldatzen delako..
Une honek ez du presarik eskatzen. Berezko izatea eskatzen du. Eta berezkotasun hori kolektiboa bihurtzen denean, sarea agertzen da; ez ahaleginetik ehundutako sarea, baizik eta elkar aitortzetik jaiotzen dena, hitz desberdinez bada ere, gauza bera entzuten ari garenak asko garelako ziurtasunetik,
Ziklo bakoitza aukera berri bat da bereizia izan zena biltzeko, bizitakoa ohoratzeko, misterioari ateak irekitzeko. Hau da barrutik loratzearen artea, presarik gabe, formularik gabe. Udaberria bezala, ongi etorria izango ote den galdetzen ez duena. Etorri, etortzen da, besterik gabe.
