Aurreko artikuluan ikusi genuen bezala, Neguko Erretiroan, Gerlariaren arketipoari eskainitako espazioan, presentziaren, egiaren eta erantzukizunaren energia esploratu genuen. Izan ere, gerlariak, edo liderrak, ez baitio ihes egiten bere baitan eta bere baitatik kanpo gertatzen denari. Aitzitik, gai da itzalari gogortu gabe begiratzeko eta bere lekuari duintasunez eusteko.
Bizitakoa integratzen joateko helburuarekin errazten ari naizen saioetan, argi eta garbi adierazten ari da esperientzia partekatu bat: kontzientzia hartzea ez dela beti nahikoa. Erretiroan zehar, ikustearekin, kontzientzia hartzearekin, nahikoa ez dela argi geratu zen. Kontzientzia hartzeak ulermenerako espazio berriak irekitzen ditu, baina ez ditu pauso eraldatzaileak ainguratzen. Hori dela eta, lan pertsonal eta kolektiboko prozesuetan bada une bereziki delikatua: zerbait garrantzitsua ikusi dugu, norberarentzat funtsezkoa den zerbait ulertu dugu, are gehiago, barne egia bat izendatu ahal izan dugu, baina ez dakigu zer egin horrekin.
Puntu honetan, egoa deseroso egiten duen esaldi bat agertu ohi da: “ez dakit nola egin, ez dakit zer datorren orain, ez dakit honi eusten oraindik”. Ondorioz, “ez dakit” hutsune arriskutsu bat bezala bizi dugu, berez irekierarako espazio emankorra denean, ikasitako erantzun bat inposatzeari utzi eta zerbait berria ekoizten uzten dugun unea seinalatzen diguna. “Ez dakit”tikerabakitzeak ausardia eskatzen du, aurreratu gabe, ihes egin gabe eta gu lasaitzeko berehalako irtenbiderik fabrikatu gabe bertan egoteko.
Bizi garen kulturak ulermena, diskurtsoa eta buru-argitasuna balioesten ditu, baina gutxitan laguntzen digu kontzientziatik datorren erabaki bat hartzeko urrats erabakigarrian. Benetako eraldaketa hasten da gugan zerbait berrantolatzen denean eta, batzuetan, hitzik gabe esateko gai garenean: “hau da eutsiko diodan konpromiso edo erabakia”. Barne keinu hori, itxuraz xumea, izaten da zailena. Erabakitzeak ez du zertan bizitza osoa aldatu, hutsetik hasi edo mugimendu handiak egitea esan nahi. Erabaki eraldatzaile gehienak sinpleak dira, adibidez, sentsazio deseroso baten aurrean egotea, egia hitz egitea, gorputza modu zehatz batean zaintzea, muga bati eustea edo zauritik ez erreakzionatzea.
Mikro-erabaki horiek ez dira kanpotik ikusten, baina eragin sakona dute, kontzientzia gorputzean ainguratzen dutelako eta ikusitakoa ulermen iragankor batean gera ez dadin ahalbidetzen dutelako; munduan egoteko dugun modua berrantolatzen hasten da.
Erabaki sakon eta egiazkoa hartu ondoren berehalako lasaitasuna sentitu beharko genukeela irudi lezakeen arren, kontrakoa gertatu ohi da: gorputzak dardara egiten du eta zaurgarri sentitzen gara, azpian eutsiko digun lurrik ez bagenu bezala. Beldur gara. Baina, dardara hori antzinako zerbait, bizirauteko egitura bat edo geure burua babesteko ohiko modu bat, laxatzen hasten den seinale da. Eta, gorputzak adimenak baino lehenago daki.
Batzuetan, une hori porrot gisa interpreta daiteke: “horrela sentitzen banaiz, prestatuta ez nagoelako da”, “dardarka hasten banaiz, bidea ez delako izango da”. Orduan, baliteke atzera egin eta inertzia ezagunera itzultzea, egiten dakigunera, segurua zaigunera, dagoeneko balio ez badigu ere. Hala ere, ikuspegi sakonago batetik, erabaki ziur, intimo eta zintzo baten gorputz arrastoa da dardara.
Gure hazkunde pertsonalerako erabaki zuzena hartu izanaren beste seinale bat da zaurgarritasunarekin harremanetan sartzen garela. Esposizioan sentitzen gara, emaitza ez kontrolatzearen sentsazioarekin eta ondoren nor izango garen zehatzmehatz ez jakitearen sentsazioarekin. Baina, bizi garen gizarteak zaurgarritasuna ahuleziarekin lotu ohi duen arren, kontua da zaurgarritasuna pertsonaiatik atera garen eta zerbait funtsezkoagoa ukitzen ari garen seinale dela.
Hala ere, esperientzia bizi baten ondoren, ez da beti jarduteko unea.Lehenik eta behin, esperientzia integratu behar da, bizitakoa gorputzaren eta eguneroko bizimoduaren erritmoetan finka dadin. Erabakiak, testuinguru horretan, esan nahi du hari jakin batekin konprometitzea, gurea den eta bertigoa ematen digun hari horrekin, eta praktikatzea.
Azkenik, garrantzitsua da jakitea erabaki guztiek ez dakartela berehalako argitasunik. Batzuek galdera berriak zabaltzen dituzte. Beste batzuek lurralde zalantzati batean uzten gaituzte denbora batez, baina horrek ez du esan nahi oker daudenik.
Erabaki bat kontzientziatik jaiotzen denean, zerbait ordenatzen da barruan eta duintasun mota isila senti dezakegu: norberaren egiaren aurrean zutik egotearena. Eta, batzuetan, hori nahikoa da beste bide bat agertzen hasteko.
