Zaratatik argitasunera: atxikimenduak askatzen ikastea

Joan den asteburuan udazkeneko erretiroa gidatu dut Amalurran, Maisuaren arketipoari eskainia, eta 90 lagun inguruk parte hartu dute. Arketipo honek jakinduria lantzera gonbidatzen gaitu, atxikimenduak askatuz eta prozesuan konfiantza izanez. Bakoitza bere historiarekin eta egoera desberdinekin iritsi zen, baina taldean askok partekatzen zuten bizipen bat sumatu nuen: buruko zarata, munduko zaratarekin nahasten den pentsamenduen joan-etorri hori, geure barruan gertatzen ari denaz jabetzea zailtzen diguna.
Erretiroaren hasieran, zarata hori baretzen uzteko beharraz hitz egin nuen, dagoena bere horretan hauteman ahal izateko. Beti baitago hor, nahiz eta gure interpretazioek, kezkek eta itxaropenek estali. Larunbateko zirimiriak ere lagundu zigun horretan: udazkeneko giroak geure baitara biltzera eta erritmoa moteltzera eraman gintuen, eta hostoen erorketak egun haietan landu nahi nuena irudikatzen zuen: oraindik estu heltzen diogun hori askatzeko aukera.
Horretarako, «lepotik behera» presente egotea proposatu nuen, arreta geure gorputzera eta bertan gertatzen ari zenera ekarriz, bai hitz egitean, bai besteei entzutean. Tentsio batek, keinu batek edo emozio batek oraindik hitzez adierazten ez genekien zerbait antzematen lagun ziezagukeen. Nire lana entzute horretan laguntzea eta azaleratzen ari zenari lekua egitea izan zen, bakoitza bere esperientziara hurbil zedin, hura azaltzeko edo konpontzeko presarik gabe.
Nahasmena Maisuaren itzaletako bat da, eta buruko zarata haren adierazpenetako bat. Zarata horretan murgilduta gaudenean, gertatzen zaigunari bueltaka ibili ohi gara, galdera eta jokabide beretan harrapatuta. Sarritan, gertatzen dena kontrolatuz, geure jarrera defendatuz edo epaituz bilatzen dugu segurtasuna, erantzuteko modu horiek egoera hobeto ulertzea eragozten digutela ohartu gabe. Horregatik, beren baitako mugimendu horiei erreparatzera eta isiltasunari lekua egitera gonbidatu nituen parte-hartzaileak. Oraindik gauzak argi ez ditugunean itxaroten laguntzen digu isiltasunak, eta eten horretan bereizten ikas dezakegu zeri eman behar diogun arreta, noiz dagokigun ekitea eta noiz komeni den entzuten jarraitzea.
Erretiroan zehar, lan hori zirkuluan partekatutako irudi baten bidez gorpuztu zen: udazkeneko zuhaitzek bezala, hostoak erortzen uzten ditugu, baina badago galtzen atzeko poltsikoan gordetzen dugun hosto bat. Hosto horrek oraindik eusten diogun atxikimendu bat irudikatzen du, beste batzuk askatu ondoren ere gordetzen duguna, gure bizitza zenbateraino baldintzatzen duen aitortu gabe. Arretaz begiratzean, hari lotutako beste atxikimendu txikiago batzuk aurkitzen ditugu; irudian, gordetako hostoari laguntzen zioten hosto txikiek irudikatzen zituzten.
Hosto horrek min batera hurbiltzen gaitu, aspaldi geure burua babesten ikasi genuen min horretara. Horregatik ditugu mila arrazoi hostoa gordetzeko, eta horregatik ematen dugu hainbeste energia hari eusten. Atxikimendu hori arrazoia izateko beharrean ager daiteke, emaitza bat kontrolatu nahian, oraindik espero dugun aitortza jasotzeko premian edo geure buruaz dugun irudi bati eustean, irudi horrek nonbait geure lekua dugula sentiarazten digulako. Itxaropen horiek betetzen ez direnean, erresumina agertu ohi da behar edo espero genuena eman ez digutela uste dugun pertsonekiko. Atxikimendu horrek zer babesten duen ulertzeak laguntzen digu kontu handiagoz hurbiltzen hura askatzea zailtzen digun horretara eta, askatuz gero, sentitzeko beldur garen minera.
Zarata baretu ahala, parte-hartzaileei beren hostoa antzematen eta bizitzako hainbat arlotan nola agertzen zen ikusten lagundu nien. Lotura hori ulertzeak bizitakoa ordenatzen laguntzen du, baita zer defendatzen dugun, bestearengandik zer espero dugun eta zerk eramaten gaituen erantzun jakin batzuk errepikatzera ikusten ere. Argitasun horrek lasaitasuna ekar dezake, eta lasaitasun horretatik errazagoa da zeri eman behar diogun arreta antzematea eta geure jokabidearen ardura hartzen hastea.
Maisuak erakusten digu atxikimenduak askatzeak jakinduriarako bidea irekitzen duela. Horretan aritzeak espero dugunari hain estu ez heltzea, malgutasuna lantzea eta prozesuan konfiantza izatea eskatzen du. Konfiantza arketipo honen ezaugarrietako bat da, eta balioesten duguna zaintzeko eta gure esku dagoena egiteko aukera ematen digu, emaitza zein izango den jakin gabe ere. Konfiantza horrekin, ziurgabetasunean aurrera egin eta esperientzia bakoitzak erakusten digunari entzun diezaiokegu, baita gure asmoak zalantzan jartzen dituenean edo norabidea aldatzeko eskatzen digunean ere.
Ikaskuntza hori heriotzaren gaia lantzean ere agertu zen, galeren bizipenen bidez, maite ditugun pertsonen gaixotasunaren bidez eta maite dugun norbait joan daitekeela onartzeko zailtasunaren bidez. Parte-hartzaileek partekatutakotik abiatuta, pertsona horiek galtzeko beldurrak haien ondoan egoteko dugun moduan nola eragiten duen aztertzea proposatu nuen. Tristurari lekua egiteak eta geure beharrak aitortzeak laguntzen digu guri gertatzen zaiguna eta beste pertsona bizitzen ari dena bereizten. Horrela, haren ondoan egon gaitezke, arretaz entzunez eta haren prozesua errespetatuz.
Gai horri lotuta, bizirik gaudela gertatzen den beste heriotza mota bat ere landu nuen: onartuak izateko geu izateari uzten diogunean gertatzen dena. Egokitzeko ahalegin horretan, sentitzen, nahi edo behar dugunarekiko lotura galtzen joaten gara, geure baitatik kanpo utzi dugun hori ia ez antzemateraino. Egindako lanak aukera eman zigun besteen onarpena lortzeko garatu ohi ditugun estrategiei erreparatzeko, eta haietako batzuk oraindik indarrean zeudela ikusteko, geure burua adierazteko eta harremanak izateko gaitasuna mugatzen baziguten ere. Geure buruarekiko lotura galtzeak are gehiago lotzen gaitu aitortzari, harremanei edo betetzen dugun lekuari, geure buruari ematea kostatzen zaigun segurtasuna eta balioa horietan aurkituko ditugulakoan.
Estrategia horiek askatzea mehatxu gisa bizi ohi dugu, gure identitatearen zati bat egiten dugunaren, gugandik espero denaren edo besteek gu ikusteko duten moduaren inguruan eraiki dugulako. Ohiko moduan erantzuteari uzten badiogu, baliteke oraindik bestela nola erantzun ez jakitea. Konfiantzak ziurgabetasun horretan egoten laguntzen digu, geure alderdirik zaurgarrienekin berriro harremanetan jartzen eta beste erantzun batzuk bilatzen, etorriko den guztia aldez aurretik argituta izatea geure buruari eskatu gabe.
Lan honetan garrantzi berezia ematen diot gu babesten ikasi duten geure alderdiei maitasunez begiratzeari, babes horrek azkenean gure bizi-bulkada mugatzen badu ere. Alderdi horiek geure baitan hartzeak kontzientziaz etxera ekartzea esan nahi du, bete duten eginkizuna aitortzea eta beren lekua ematea. Begirada horretatik, babesten duten zaurira eta sentitzea saihestu dugun minera hurbil gaitezke, aldi berean gaur egun nola jokatzen duten eta gure bizitzan eta harremanetan zer ondorio dituzten ikusiz. Zer babestu nahi duten eta oraindik nola eragiten diguten ulertzeak kontzientzia handiagoz erantzuten hasten laguntzen digu, baita geure burua defendatzeko beharrak mugatutako ezaugarriak berreskuratzen ere. Horrela, bihotz hautsi batetik bihotz ireki baterantz joan gaitezke, sentitzeko eta harremanak izateko gaitasun handiagoarekin. Irekiera horrek baldintzarik gabeko maitasunera hurbiltzen gaitu: geure alderdi guztiak onartzera eramaten gaituen maitasunera, maitatu ahal izateko aldatu daitezela eskatu gabe, eta, aldi berean, oharkabean alderdi horietatik jokatzean suntsitu dugunaren ardura hartuz.
Hori guztia taldean garatzen joan zen. Pertsona batek bere esperientzia partekatu eta bere baitan bizirik zegoena adierazi ahala, gainerakoek ere beren barruko eremu horietan sakondu eta agian ordura arte begiratu ezin izan zituzten alderdiak antzeman zitzaketen. Zirkuluaren entzuteak eta presentziak eutsi zioten prozesuari, eta isilik zeudenek ere bizi izan zuten prozesu hori. Niretzat, eremu-lanaren zentzua hor dago, hain zuzen: pertsona bakoitzaren esperientziak talde osoan ere presente dagoen zerbaiti arreta ematen lagun diezaguke.
Eta talde oso horren parte dira gure arbasoak ere, arketipo honek ohoratzera gonbidatzen gaituenak. Haien dohainak eta ezaugarriak jasotzen ditugun bezala, jokabide-eredu negatiboak ere jasotzen ditugu, askotan konturatu gabe haiekiko leialtasunagatik mantentzen ditugunak. Leialtasun horiek gure arimaren adierazpena oztopatzen duten bizitzeko eta harremanak izateko moduak errepikatzera eramaten gaituzte. Lotura horiek antzeman eta askatzeak jasotako dohainei leku handiagoa egiteko eta geure ahalmena garatzeko aukera ematen digu, gure aurretik bizi izan zirenekiko maitasunetik eta errespetutik.
Ahalmen hori adierazi ahal izateko, erretiroan antzeman dugunari eguneroko bizitzan ere arreta ematen jarraitu behar dugu. Horregatik, amaieran, eserita meditatzea proposatu nuen, Maisuaren tresnetako bat baita: isiltasuna lantzeko, gorputzari entzuteko eta geure pentsamendu eta erreakzioei erreparatzeko praktika bat. Arreta horrek ohiko jokabideak berriro nola agertzen diren antzematen laguntzen digu, eta erantzun aurretik une batez gelditzen, kontzientzia handiagoz jokatu eta eraldatzen hasi garenari jarraipena eman ahal izateko.
Niretzat, erretiro honetako esanguratsuena izan da parte-hartzaileek erakutsi duten prestasuna oraindik gordetzen zuten hostoari begiratzeko eta ordura arte saihesten saiatu ziren minera hurbiltzeko. Atxikimendu hori aitortzea hasiera bat da. Hura askatzen ikasteko, aurkitutakoari arreta ematen jarraitu behar dugu, pazientziaz eta konfiantzaz, batez ere ohiko erantzunak berriro agertzen direnean. Eguneroko lan horretan, gertatzen zaiguna ulertuz eta horretan dagokigun ardura hartuz, esperientzia jakinduria bihurtzen joan daiteke.
Hiruhileko honetan, Maisuaren arketipoa lantzen eta haren irakaspenak eguneroko bizitzan txertatzen joan ahala sortzen diren gaietan sakontzen jarraituko dut.
Irene GoikoleaPsikologia Sakonean doktorea, coach integrala eta Amalurra Proiektuaren sortzailea. Ireneri buruz gehiago


