Emakumeen zirkulua, bitartekoa mezua denean

Atzo izan zela iruditzen zait, eta 22 urte igaro dira jada nire lehen emakumeen zirkulua deitu nuenetik, alderdi femenino esentziala esnatzeko asmoz; alderdi hori, giza bihotz orotan dagoen zaurgarritasunetik azaleratzen den sentimenduaren gaitasun eraldatzaile gisa ulertuta. Gaitasun hori erabat beharrezkoa da bakoitzaren barruan bereizita dagoena eta kanpora proiektatzeko joera duguna elkartzeko.
Gaur egun, milaka emakume-zirkulu sortu dira mundu osoan, zaurgarritasunarekin lotutako beste ezaugarri femenino batera esnatzen ari direnak: erlazionaltasuna (ingelesezko relatedness), edo gure artean eta existitzen den guztiarekin konektibitate-maila sakonago batean harremanetan jartzeko gaitasuna, guztiok mugimenduan dagoen adimen bera garela oinarri hartuta. Gaitasun hori garatu ahala, batasun handiago baten barruan hautematen dugu geure burua. Zirkuluak eszenatoki bikaina dira izaera sakon eta sortzaile hori esperimentatzeko.
Zergatik emakumeen zirkulu bat?
Zalantzarik gabe, Marshall McLuhanen esaldi ospetsua, «bitartekoa mezua da», emakumeen zirkuluei aplika dakieke, zirkulu batean ez baitago hierarkiarik. Horixe da berdintasuna, eta horrela jokatzen du zirkuluen kultura sortu berriak: bertan, kide bakoitzari entzuten eta kide bakoitzarengandik ikasten da. Zirkulu batean egotea ikaskuntza- eta hazkuntza-praktika bat da, bertan dauden emakume bakoitzaren esperientziaz eta jakinduriaz, konpromisoaz eta ausardiaz elikatzen dena. Eta gaur egun munduak lurperatuta geratu zen jakinduria femeninoa berreskuratu behar du.
Nire emakumeen zirkuluak irekitzera bultzatu ninduen bulkada afiliazio femeninoaren artea modu berri batean esploratzea izan zen, Lurrarekin eta arbasoen jakinduriarekin dugun lotura ohoratzeko modu batean. Zirkuluaren forma bera jakinduria horren gorpuztea da, eta jakinduria hori entzuten joan gara jakinduria kolektiboaren boterea berreskuratzeko aukera emango zigun bizitza kolektibo baterantz urratsak ematerakoan.
Hasieratik, zirkulua gure barrutik sortzen ziren eduki guztiak hartzeko gai zen ontzi gisa irudikatu nuen, emakume bakoitzari bere ahotsa entzuten eta bere norabidea baieztatzen lagunduko zion komunitate solidario gisa. Espazio sakratu hartan, guri bakarrik zegozkigun gaiak esploratzen hasi ginen, guri bakarrik zegokigun hizkuntza batean. Zirkuluetan abiatutako barne-lanak lagunduta, gure nortasunean eta hura kanpoan adierazteko moduan konfiantza-zentzu sakonago eta benetakoago bat gorpuztera iritsi ginen. Ikaskuntza- eta praktika-aldi osoan, zirkuluek ingurune seguru bat eskaini zuten, non elkarri arreta eta babesa eman eta jaso genizkion; osagai horiek ahalduntze-prozesua sendotzen joan ziren, zirkuluetako lorpenak gure eguneroko bizitzara eramaten genituen heinean konkistatzen joango ginena.
Horregatik, gure esperientzia eta beste emakume-zirkulu batzuena kontuan hartuta, ulertzen dut zirkulu hauek eragin positibo erradikala izan dezaketela maila globalean, komunikazio zintzo eta errukitsuaren eredu bat eskaintzen dutelako, gaur egungo arazoei irtenbide sortzaileak emateko lagungarria.
Gaur plazer bat da niretzat Amalurra komunitatean, nire lehen emakumeen zirkuluan ernamuindu zena, emakume-zirkuluen nazioarteko zirkulu bati ongietorria eta harrera egitea, gure esperientzia propioa haiekin partekatu ahal izateko.
Irene GoikoleaPsikologia Sakonean doktorea, coach integrala eta Amalurra Proiektuaren sortzailea. Ireneri buruz gehiago


